«Eboluzioari hegoak zabaldu nahi izan dizkiogu»

Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldearen ahotsa, irudiaren ezkerraldean./
Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldearen ahotsa, irudiaren ezkerraldean.

Bihar Ken Zazpiren 'Phoenicoperus' izeneko diskoaren aurkezpen bira hasiko da Arriaga Antzokian

SILVIA CANTERA

Haien errautsetatik berriro sortu dira. Ken Zazpiren azkenengo lana aldaketa prozesu izugarria izan da. Horren emaitza 'Phoenicoperus' diskoaren jaiotza izan da, hamar abestiz osatutako lana. Grabaketan Ricky Falknerren laguntza izan dute eta eszenatokiak berriz zapaltzeko irrikitan daude. Bihar bertan haien bira hasiko da Arriaga Antzokian eta hurrengo bost kontzertuetarako sarrerak agortu dituzte. «Entzuleekiko harremana berpiztu nahi dugu», dio Eñaut Elorrietak, talde gernikarraren ahotsak.

Berpizkunde hitzak zuen lan berria deskribatzen duela esan genezake.

Berpizte bat izan da, baina zentzuarekin egindakoa. Artistikoki eta musikalki ilusionatzen gaituen bide batekin entxufatzea lortu dugu nolabait. Aldi berean, momentu gordinetatik pasa ostean, berriro ilusionatzen gaituen proiektua egitea lortu dugu. Horregatik diogu birjaio garela.

Izan ere, 20 urte daramatzazue elkarrekin.

Horrek harremanak desgastatzen ditu edozein bikote harremanetan bezala. Benetan sinesten eta sentitzen ditugun sorkuntzekin lan egin nahi dugu. Inertziaz aritzeko beldurrarekin izan gara. Orain arte genituen joera musikalak agortu egin zirela ikusi genuen; esperimentatu nahi genuen, ikasten jarraitu. Eboluzioari hegoak zabaldu nahi izan dizkiogu. Aldi berean prozesu honetan purgatu egin ditugu hainbeste urte eta gero suertatu zaizkigun gaizki-ulertuak.

Fenix hegaztiaren birjaiotzearen prozesua mingarria izan da. Zuena ere halaxe izan al da?

Derrigorrezkoa da honelako prozesu mingarrietatik pasatzea. Gurea kasu arrunta izan da. Bikotearekin edo lagun batekin momentu txar batetik pasatzen ari zarenean edo elkarrekin dugun proiektua finkatuta ez dagoenean, gauza askotaz hitz egin behar da, eta hori egitea mingarria izan daiteke. Ez litzateke benetakoa izango gauzak errotik eztabaidatu gabe. Azkenean bizitzan eusten gaituzten gauzek eroso sentiarazi baina aldi berean mugatu egiten gaituzte. Horrelako momentuak behar dira benetako eboluziora heltzeko.

Momentu txarrei esker, onak gehiago disfrutatzen dira?

Krisiak onak dira beti, gure lagunak dira. Egia da krisialdietan gauzak bukatu daitezkeela. Harremanak amaitzen dira. Baina behar bada denborarekin ulertzen duzu bukatu egin behar zela. Sukarra bezala direla uste dut. Sukarra ez da gaixotasuna bera, seinale bat da. Berak esaten dizu zerbait txarto dagoela eta konpondu behar dela.

Honelako aldaketa handiek beldurra ematen dizkizue?

Ez, ilusionatu egiten gaituzte. Nahi genuena zen. Astindu, ahutsa kendu eta gustuko genuen prozesu batera entxufatu nahi genuen. Kontrolatzen ez dituzun guneetan ibiltzeak ehuneko ehun motibatzen zaitu.

Ricky Falknerrekin grabaketa prozesuan.
Ricky Falknerrekin grabaketa prozesuan.

Pasioa noizbait galdu al duzue?

Bai, noski. Azkenean musikarekiko pasioak bere eboluzioa dauka. Pasioa maitasuna bezalakoa da, eta urestatu behar da. Beti hor egongo dela uste baduzu eta zaintzen ez baduzu, gastatu egiten da. Posible da atzera egiterik ez egotea.

Prozesuan aldaketa ugari bizi dituzue, baina zuen esentzia mantentzen saiatu zarete?

Bai, baina azkenean konturatu gara sahiestezina dela, azken finean, gu garelako. 'Phoenicoperus' prozesu desberdina izan da baina zenbait entzulekin topatu gara eta 'beno, Ken Zazpi da', esan digute. Kanpotik jendea erlatiboagoa da, gu agian subjektiboagoak gara hori baloratzeko. Bide desberdinak jorratu ditugu sorkuntzarako eta grabaziorako. Baina jendeak Ken Zazpi entzuten du. Esentzia hor dago gu garelako.

Zuen disko berria Ricky Falknerrekin batera sortu duzue. Etorkizunean berarekin ere lan egiten jarrituko duzue?

Printzipioz ez dugu pentsatu. Elkarrekin egotea esperientzia ederra izan da. Gure hurrengo topaketa eszenatoki gainean izango dela argi daukagu. Ekoizle handia da, baina musikari itzela ere bai. Hori bai, berarekin lan eginten jarraituko dugun edo ez etorkizunak esango digu.

Letrak egiterakoan Harkaitz Cano, Jon Maia, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta abarren laguntza izan duzue.

Joseba Sarrionandia kenduta, beste kolaborazio guztiak berriak dira Ken Zazpirentzat. Konposaketa prozesuan elkarlanean aritu gara. Musikalki eman nahi genuen pauso hori letretan islatu nahi izan dugu.

Zuen abestiak orkestra sinfonikoarekin kantatu zenituzten. Zuen ibilbidean puntu ta alde egitea bezala izan zen; aldaketak horren ondoren etorri baitziren...

Momentu horretan ez ginen oso kontziente. Oso disko ezohikoa izan zen. Bi urteko lana suposatu zigun eta bost kontzertu bakarrik egin genituen. Esan genezake diskoak gure toki naturala puskatu zuela eta horrek behar bada katalizatzaile baten moduan taldearen prozesu bitala azeleratu zuen. Inflexio puntu gisa ikusten dut. Zerekin geratu behar ginen eta motxilatik zein gauza atera nahi genituen erabaki genuen. Gauza pisutsuak alde batera utzi eta motxila arintzen zaiatu gara; etorkizunera jantzi berriekin atera nahi genuen.

Prozesuan nostalgiarik sentitu al duzu?

Ez. Nostalgiaren sentimendua polita izan daiteke kanturen bat egiteko inspiratzen baldin bazaitu. Baina arriskutsua izan daiteke zulo antzeko batera bota ahal zaituelako eta perspektiba errealista ere galdu dezakezulako. Gizakiok badugu nostalgiarako joera bat, bizi genuena idealizatzeko. Polita izan daiteke momentu batean disfrutatzeko baina ez dut uste askoz gehiagorako balio duenik. Ez du mesederik egiten. Aurrera begiratu behar dugu.

Zuen lehenengo bost kontzertuetarako sarrerak agortu dituzue. Argi dago zuen jarraitzaileak zuek ikusteko irrikitan daudela.

Guk ere gogo ikaragarria daukagu. Grabaketaren aldetik, agian diskorik dibertigarriena izan da. Asko jarri dugu jokoan. Baina benetan barruan daukaguna berriro zuzenean jotzea da. Victoria Eugeniako bi emanaldietako sarrerak agortu ondoren beste data bat atera behar izan dugu eta zorte handia dugula sentitzen dugu, jendearen maitasuna sentitzen dugulako. Horrek kriston indarra ematen digu. Entzuleekiko harremana berpiztu nahi dugu.

Nolakoak izango dira kontzertuak?

Teknikoki ahalik eta material profesionalenarekin kontatzen saiatu gara, baita ahalik eta jende onenarekin aritzen ere. Eszenografia berezi bat antolatu dugu gainera. Bira hau lan berriaren aurkezpena izango denez, azkenengo diskoko oinarria izango dute gure kontzertuek, baina aurreko diskoetako kantuak berreskuratuko ditugu. Bitxia da, baina konturatu gara abesti horiek ez ditugula berdin jotzen. Oso polita da hori sentitzea. Kantu bat hain barruan duzunez zure galbahetik pasatzen duzu; ez zara orduko berdina.

Bira honetan euskal mugetatik kanpo aterako zarete berriz ere?

Kontzertuen aldetik gure gune naturala Euskal Herria izan da beti. Kataluniara asko joan gara, eta Ingalaterran eta Irlandan ere ibili gara. Oraingoan Madrilen eta Bartzelonan emango ditugu kontzertuak eta kanpora joateko asmoa badaukagu, Europan zehar zer edo zer egiteko. Gauza ederra da esperientzia hori bizitzea.

'Deserriko kantak' zure kabuz grabatu zenuen. Ken Zazpiren lan berri honekin zure kabuz ibiltzeari atea itxi diozu?

Inola ere ez. 'Deserriko kantak' nire ibilbidearen lehenengo pausoa izan zen. Bakarkakoa atera nuenean ea Ken Zazpi bukatuko zen galdetu zidaten. Orain galdetzen didazuena da ea nirea amaitu den. Ez. Gune desberdinak dira. Disko hori egin nuen Ken Zazpik asetzen ez zizkidan beste kezka batzuk nituelako. Esperimentazioaren bidetik ateratako diskoa da eta handik jarraitzeko asmoa daukat.

Beraz, zuretzat prozesu naturala da

Gehiago esango dizut, nire hurrengo lana bakarkako diskoa izango da eta niretzako apostu oso sendoa da. Ez doa bata bestearen kontra. Ken Zazpi ez da inoiz bukatu, hor egongo da beti. Baina sorkuntzaren aldetik nire bakarkako proiektuan daukat burua.

Argitaratzeko datarik al duzu?

Oraindik kantuak sortzen ari naiz, probatzen, olerkiak irakurtzen, musika desberdinetatik tiraka eta jolasten. Ikaragarri gustatzen zait prozesu hori. Forma aurkitzen diodanean hasiko naiz data batean pentsatzen. Baina sorkuntzan aske izatea gustatzen zait.